XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Kostako zaizu ni bezalako bezero finik topatzea!

- Baina, baina... nora zoaz? Margari!

Burusoil madarikatua.

Harroputza eta, gainera, lapurra.

Ez dit, ba, nire gustuko zaporea lapurtu!

Ez, ez, ez... Ni ez naiz marrubizkorik gabe geratuko.

Zer uste du ba horrek!"

Burusoila iturri parean geratu zen.

Ahoa ur azpian jarri eta bibotea busti zuen.

Gero, burua justu-justuan alderik alde estaltzen zioten ile zuri apurrak lehortu eta, alboan utzita zuen maletatxoa jasoz, aurrera jarraitu zuen.

Bankero edo saltzaile higuingarri horietakoren bat izango da.

Emaztea etxean utzi eta goizero dirua egitera ateratzen direnetakoa.

Egun osoa kalean emango du, eta gauean, etxera iristen denerako, emaztetxoak afaria prestatuta izango dio.

Bere gustuko txuleta eta patata frijituak.

Eta postrerako, arroz-esnea.

Ezagutzen ditut nik horiek, bai.

Horiek dira okerrenak.

Noiz edo noiz, bi astean behin edo, negozioetako bidaiak izaten dituzte eta hor joaten dira, erbesteko putetxeetan turismoa egin eta negozio exotikoak ixtera!

Eta ez dit ba horrelako faltsu batek lapurtu marrubizkoa!

Kalean behera zihoan burusoila.

Eta Margari atzetik.

Zertan ote dabil? Oraindik ez du ahoan sartu!

Ez zuen, ba, txupatxusa semearentzat erosiko!

Ez. Burusoilak kiosko baten aurrean geratu eta aldizkari bat erosi zuen.

Penthouse. Pornoa. Alfer-alferrik sartu zuen maletatxoan, denen bistara geratu baitzen erosketa.

Harroputza eta voyeur-a! Beste ezer ez genuen behar!